ARGIArako idatzia
Liburu-denda bateko erakusleihoaren aurrean geratu naiz. Dena da promesa: azal ederrak, zinta gorri promozionalak, “urteko liburua”. Liburu gehienek, ordea, ez dute inor aurkituko. Liburuen %5ek baino ez omen ditu 100 ale baino gehiago saltzen, esan zidaten aurrekoan. Gogoa ilundu zitzaidan hori entzutean. Eta zer egin nuen nik? Dendara sartu. Etxean irakurri gabeko dozenaka liburu ditudala ahaztuta. Nahita ahaztuta.
Astean behin artikulu bat idazten dut nik ere. Eta idazten dudan bakoitzean sinesten dut norbaitek irakurriko duela. Baina auskalo zenbat artikulu geratzen diren kaxatan, ale zaharragoen azpian, pantaila beltzaren azken zokoan, algoritmoarekin ezkutaketetara jolasten. Handiegia da eskaintza, eman diezaiokegun arreta baino.
Zer esango dizuet arropei buruz. Daukagun arroparen ehuneko 20a baino ez dugu erabiltzen. Kantzontziloak ez. Horiek dezentez gehiago erabiltzen ditugu. Baina, kamiseta, jertse eta galtza asko armairuan sartu, eta betirako geratzen dira preso, gure bertsio hobe batek noiz jantziko zain.
Edo aparailu elektronikoak. Kaxoi bat baino gehiago bihurtu zaizkit hilerri: kargagailu zaharrak, Nokiaren bat, zertarako balio duten ez dakigun kable beltzak. Milaka tona aparailu, milioika tona janari galtzen direla abisatzen dit hozkailuko brokoliaren begiradak. Aurreko astetik daukat gizarajoa zain. Berak ere bazuen etorkizun bat: labean, zartaginean, krema goxoren batean…
Gehiegi argitaratzen da arrakasta aukerak ez galtzeko, badaezpada. Gehiegi fabrikatzen da stockik gabe ez geratzeko. Gehiegi erosten dugu. Merkatuak ez ditu gauzak bakarrik sortzen. Gauzak desagerrarazteko moduak ere sortzen ditu. Ez gara bizi erabiltzen, irakurtzen edo kontsumitzen dugunaren artean bakarrik. Soberan dauden eta zaratarik gabe desagertzen diren gauzen artean ere bizi gara.
Zenbat ote dira bidali gabe geratu diren mezuak, hasi gabeko koadernoak, eskatu gabeko barkamenak, inoiz jantziko ez ditugun bertsio hobeak, inoiz biziko ez ditugun bizitzak. Brokoli batzuk bezala, gure asmoak ere hozkailuan zahartzen dira batzuetan.