Zapatarik gabeko eskelak

ARGIArako idatzia

Garestia da oso hiltzea. Horren lekuko dira herriko hormetako eskelak. Begiratu bat nahikoa da jabetzeko: eskeletan ez dira agertzen gure autobus berera igotzen diren asko. Badirudi heriotzak ere segregatu egiten duela; gure dolu-erritualetatik kanpo geratzen dira “besteak”. Beharbada ezagun gutxi dituztelako oraindik. Edo agian, besterik gabe, gure hiltzeko moduak ez dielako merezi. Bizitzan ikusezin izan direnak, heriotzak ere ez ditu herrikide egiten.  

Izan ere, beste herri batera abiatu ziren, asko paperik gabe, lanera, bizitza hobe baten bila. Askok gaztelaniaz bizi ahal izango zirela pentsatuta bidaiatu zuten; hizkuntza ezagun baten babesera. Eta hemen, euskararekin egin dute topo: hizkuntza estrainio, minorizatu, zauritu batekin. 

Haietako askoren familiek badakite zer den hizkuntza bat galtzea. Badakite zer den jatorriari uko egitea “zibilizatu” bihurtzeko. Socorro Venegas mexikarrak bere amaren istorioa kontatzen du Leche de silencio liburuan: hain zen pobrea, oinak beltzez margotzen zituela zapatak jantzita zituela simulatzeko. Ez zekien espainolez, eta eskolan zigortu egiten zuten bere ama-hizkuntza indigenan aritzeagatik. Bederatzi urterekin herria utzi zuen; beste izate bat inposatu zioten, lotsa bat. Bere alabari ez zion hizkuntza hura erakutsi. Espainolez egin zion. 

Gure kaleetan bizi diren askok barruan dakarte umiliazio haren oihartzuna: zapalkuntza, kolonizazioaren zauria, hizkuntza bat galtzearen lotsa. Orduan, nola eta nondik kontatuko diegu gurea bezalako hizkuntza batek merezi duela? Zertarako nahiko dute gure herri azpiratuko kide izan? Zer amets eskainiko diegu, gure eskelak ere hain zuriak badira? 

Hiltzea garestia da oso, bai. Agian ez dugu oraindik asmatu dolua partekatzen. Gure herria ez da hain herri izango bere hildako guztiak izendatzeko gai ez bada. Euskara ere ez badugu eskelarik eta zapatarik gabe hiltzea nahi, hormetan falta diren izenak irakurtzen hasi beharko dugu.

Categories Uncategorized

Leave a Reply

search previous next tag category expand menu location phone mail time cart zoom edit close