ARGIArako idatzia
Hartu “txakurra” hitza, adibidez. Gure gazte garaian zaunka zen, katea, baserri atariko zaindari fidela, polizia. “Kontuz txakurrarekin” jartzen zuen karteletan. Gaur, berriz, terapia da, konpainia, bat gehiago familian. Ugaritu egin dira pet-friendly kafetegiak, hotelak, kanpinak. Oporrak ere haien arabera antolatzeraino.
Edo hartu “pelikula” hitza. Lehen, film bat ikustea gertaera bat zen. Bideo-klubera joan, aukeratu, etxera ekarri, sofan eseri, goxokiak banatu eta isilik geratu. Pelikulak bazuen pisua, bazuen zain egote hori. Orain, edukia da: hasi, utzi, probatu, aurreratu, mugikorrean amaitu. Edo ez. Nire semeek oporretan ia egunero ikusten dute bat. “Pelikula” hitzak bizirik dirau, baina reel eta bideo azkarren erreinuan. Beste definizio batekin.
Eta hor dago “familia” ere. Begiratu lehen zer espero zen harengandik, eta gaur zer sartzen dugun barruan: zaintza, logistika, maitasuna, negoziazioak eta WhatsApp talde amaigabeak.
Gauza bera gertatzen zaie “maitasuna”, “etxea” edo “Euskal Herria” bezalako hitzei ere. Fatxada bera dute, baina beste jende bat bizi da barruan.
Euskaltzaindiak hitz berriak gehitzen dizkigu urtero hiztegira. Baina nork eguneratzen ditu zaharrak? Nork jasotzen du, adibidez, “laguna” hitzak gaur zer esan nahi duen, “komunitatea”k zenbat daukan marketingetik, edo “askatasuna”k zenbat bakardade saltzen digun.
Arriskutsua da hitz zaharkituekin mundu berriak kontatzen segi nahi izatea. Gureak izaten segiko dute hitzek, baina munduak ez.