Gauza gutxi dira maiteagoak goizetako kafe-kikarak baino. Objektu errituala da, loaren eta esnatzearen arteko zubia. Kikara batek ere eraikitzen eta definitzen du gure izaera, beste edozein objektuk bezala. Ez da gauza bera larruazala estutzen dizun alkandora zurruna janztea, edo gorputzari lekua uzten dion jertse zabala. Ez da gauza bera boligrafo kuttun batekin idaztea edo publizitatedun plastikozko batekin. Ez da gauza bera alpargata zaharrekin etxean ibiltzea edo zapatila teknikoekin.
Objektuak ez dira inoiz objektu hutsak. Barruan dakarte bizimodu bat, ordutegi bat, gorputza erabiltzeko modu bat. Mugikorrak erakusten digu nola bizi: urduri, eguneratuta, konektatuta. Autoak oinez hurbil geneukana ere joan-etorri bihurtzen du. Etxeko gauzek ere antolatzen gaituzte gu: agendak, motxilak, tupperrak.
Horregatik galdetzen dut: objektua guk aukeratu beharrean, ez ote gaitu objektuak aukeratzen gu? Nork aukeratu du zure mugikorra, alkandora edo hortzetako zepiloa? Zuk aukeratu duzu azkeneko limoizko jogurta eta koilara txiki hori? Zuk aukeratu duzu goizetako kafe-kikara hori edo berak aukeratu zaitu zu?
Haurrak ekartzea ere guk aukeratu dugu edo berak aukeratu du guregana jaiotzea? Eta pentsatzen jarriko balitz lau hilabete egin orduko haur-eskolara eramango dugula? Zertarako jaioko da, gurekin pasatuko dituen orduak luze egingo bazaizkigu askotan, eskolako jangelan utziko badugu aste osoan, eskolaz kanpoko ekintzekin beteko badizkiogu arratsaldeak. Zertarako jaio, haientzat erositako objektu guztiak umearen beharretarako baino gehiago gure lasaitasunerako badira.
Akaso ez da umerik ez dugula jaiotzen. Akaso da ez dutela umeek guregana jaio nahi.