Zer gertatzen zaigu gizonei?

ARGIArako idatzia

Larunbateko egunkaria hartu dut gosari eder batekin irakurtzeko. Kafea bero, ogia txigortuta eta labana gurinetan sartzeko prest. Orduantxe agertu zait albistea: gizon bat bikotekidea itotzen saiatu da Donostian. Ertzainak iritsi zirenean, gizona emakumearen gainean omen zegoen, hura itotzeko ahaleginetan. Gizonak 26 urte. Emakumeak 24.

Baina, zer gertatzen zaigu gizonei? Ez dut galdera airera bota nahi. Ez dut galdera kafearekin batera epeltzerik nahi. Galdera hementxe jarri nahi dut, albarikokezko mermelada potearen ondoan. Benga! Ba! Zer ost* gertatzen zaigu gizonei?

Egunkari berean. Orrialde berean: Mauleko gaztandegi bateko langile eta ordezkari sindikal ohi bati 10 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote bi lankideri sexu jazarpena eta sexu erasoak egiteagatik. 

Egunkari berean aurreraxeago, Cesar Chavezi buruzko artikulua: AEBetako etorkinen eskubideen aldeko lider eredugarria, kale eta ikastetxeei izena eman dien gizona. Orain jakin da emakume mordoa bortxatu zituela. Biktimetako batek esan du Chavezek bulegoan hitzordua eman eta atea ixten zuela. Han gertatzen zen dena.

Baina, zer gertatzen zaigu gizonei, munstroak beti beste etxe batean bizi direla pentsatzeko? Nire hiru semeei azaldu diet nola gurutzatu behar duten errepidea, nola eskatu barkamena, nola garbitu behar diren ondo hortzak. Baina, zenbatetan azaldu diet gizonen gogoak ez duela zerikusirik baimena izatearekin?  Zenbatetan esan diet isiltzea ere izan daitekeela beste norbaiten alde egitea? 

Atea ixten duen gizonaren irudia geratu zait buruan. Bulegoko atea, etxeko atea, logelakoa, kotxekoa, txat pribatuarena. Agian galdera ez da zer gertatzen zaien gizon horiei. Agian galdera da zer gertatzen zaigun gainerako gizonoi, ateak ixten entzun, kafea bukatu eta egunkaria hurrengo orrira pasatzeko gai garenean.

Zer gertatzen zaigu gizonei?

Categories Uncategorized

Leave a Reply

search previous next tag category expand menu location phone mail time cart zoom edit close