Adimen artifiziala ez da zeregin baterako edo besterako tresna bat soilik, behar dugunean hartu eta gero kaxoian gordetzen den horietakoa. Harekin bizi, lan egin, sortu eta pentsatzen ikasi beharko dugu. Testuingurua berria da. Internet izan zen bezala: hasieran tresna bat zirudien, baina azkenerako gure harremanak, lana, aisia eta mundua ulertzeko modua zeharkatu ditu. Adimen artifiziala ere, gauzak egingo ditugun lekua izango da. Geratzeko etorri da.
Geratzeko etorri da beroa ere. Bero astun eta itsaskor hau. Udako gauek ez digute jertserik eskatuko gehiago; izarrei begira ere izerdia botako dugu. Geratzeko etorri dira hidratazio-etenaldiak, aire girotuaren burrunba eta itsasoko ur epela. Baita tigre-eltxoa, liztor asiarra, La Roja eta ezpel-sitsa ere. Klima berriak zabaldu die etxeko atea.
Geratzeko etorri dira erdi prestatutako patata-tortillak ere. Di-da batean egiten dira. Jarri letxuga pixka bat eta tomatea inguruan, eta afaria prest. Inork tuperrik ekartzen ez duen etxeetan ongietorriak dira oso.
Geratzeko etorri dira euskara eta gaztelania nahasten dituzten abesti gazteak; abiadura bikoitzean entzundako audioak; QR kodeak tabernetako mahaietan; harpidetzak, pasahitzak eta eguneraketak; azterketa mediko pribatuak eta etxebizitza turistikoak. Geratzeko etorri dira, noski, “geratzeko etorri da” esaten duten albiste eta artikulu guztiak ere.
Ni izango naiz, akaso, geratzeko etorri ez den bakarra. Lehen artikuluan idatzi nuen ipurtargi lanetan ariko nintzela hemen. Ipurtargiak ere ez dira geratzeko etortzen. Une batez pizten dira, keinu txiki bat uzten dute iluntasunean, eta gero beste norabait joaten dira.
Ni ere banoa, irailetik berrogeita zortzi argi txiki piztu ondoren; batzuetan umorez, besteetan amorruz, tarteka biak nahastuta. Ez dakit zenbat ikusi diren, zenbat geratu diren edo zenbat itzali diren irakurri eta berehala.
Berdin dio. ARGIAk hementxe jarraituko du, etorriko direnek piztuko dituzten argi txikiekin.