Ostegunak

ARGIArako idatzia

Iritsi da osteguna. Artikulu hauen lehen zirriborroa idazteko eguna. Astelehenak egun on maltzur batekin uxatzen ditu asteburuko deskonexioak. Astearteak leunak dira, xaloak, astearen martxa hartu berriaren arintasunarekin. Asteazkenak inertzia hutsez iristen zaizkit. Eta pentsatzen dut: badoa astea, ostiral bezpera bihar. Esan dizuet: iritsi da osteguna. Konturatzerako.

Badoa aste hau ere. Aurrekoa joan zen bezala. Eta aurreko hila, aurreko urtea bezala. Ezagun bati buruz ari ginen aurrekoan: orain dela gutxi banandu zela, ordutik ez dakigula non dabilen ere… Orain dela gutxi hori, orain dela hiru urte zen. Izan ere, zer dira, bada, hiru urte 49 dituen batentzat? Hiru txankleta pare, bi errenta aitorpen eta ahaztutako pasahitz pila bat. 

Zazpi urte ditu seme gazteenak. Jaio zeneko uneak atzo izan balira bezala oroitzen ditut, zilbor-heste laburregiak sortutako min isil eta etsiekin. Hamar ditu Xuharrek. Hamasei nagusiak. Datorren urtean hasiko du batxilergoa. Duela gutxi lokarririk gabeko zapatilak erosten nizkien; orain, mugikorra kentzen didate marrazoek hezurrik baduten jakiteko. Duela gutxi komunetik deitzen zidaten ipurdiak garbitzera. Orain, krisketarekin ixten dute atea, altxorrik preziatuena gorde nahiko balute bezala. 

Ziztuan doa dena. Eguberrietako argiak itzaltzen dituztenerako pizten dira. Herriko jaiak beti iristen zaizkit azkarregi. Lehen gehiegi edateak sortzen zidan nekea, orain, sofan postura txarrean egindako siesta batek. Ibilgailuen Azterketa Teknikoa egiterako, beste bat egin behar da. Etenik gabe aitortzen ditugu errentak. Etenik gabe onartzen cookieak, aldatzen pasahitzak. Dena doa airean.

Iritsi da ostegun iluntzea. Esne baso eder bat berotuko dut oheratu aurretik. Minutu eta hamar segundo. Ez da ezer. Bizitza osoa ziztuan pasatzen zaigu. Eta, hala ere, ez dakit zergatik egin zaidan hain luzea mikrouhinaren parean zain egotea.

Categories Uncategorized

Leave a Reply

search previous next tag category expand menu location phone mail time cart zoom edit close