13 minutu

ARGIArako idatzia

Sartu naiz webgunean sarrerak erostera. Nire aurretik beste 2367 lagun omen daude. 13 minutuko ilara omen daukat zain. Klik. Barrura. Kargatzen. “Itzuli minutu batzuk barru. Sarrerak agortuta”. Alferrik itxaron dut horrenbeste. Ni geratu naiz azkenean. Agortuta.

Lehen, ilarak egoten ziren; orain, ilara bihurtu gara Osakidetzan, arrandegian eta deitu berri dudan enpresan. Telefonoak argi esan dit: “Zure deia garrantzitsua da guretzat”. Baina, itxaron. “Laster izango gara zurekin”. Ilara bihurtu dugu bizimodu. Baita aisia ere.

Futbolerako sarrerak lortzea, dirua izanda ere, zaila da oso, herriko kultur ekitaldietarako sarrerak ere segituan saltzen dira. Adi ez bazabiltza kanpoan geratuko zara. Sold out kultura. Aisia ere lehia bihurtu zaigu. Oposizio. Nork azkarrago erosiko sarrerak: plaza mugatuak, urduritasun neurrigabea. Euskal jaietako herri bazkariko txartelak lortzeko ere ilarak izaten dira. Mahaia itzaletan lortzeko ere ilara. Eta gero, postrerako… pazientziarik ez. 

Nik ere ilarak sortzea erabaki dut. Jakingo duzue: jendaurreko emanaldi batekin hasi berria naiz. Zerbait sartu zait begian izena du. Emanaldi erraldoi bat iragarri nahi dut 2029ko urriaren 17rako. Donostian izango da, Ilunbe zezen plaza bota eta eraikiko duten lekuan. Nik estreinatuko dut. Pello Reparaz baino azkarrago ibiliko naiz, oraingoan. Jarri ditut dagoeneko sarrerak salgai. 15000.

Aurreneko 5000 sarrerak %25 merkeago eskuratu ahal izango dira astegunetan erosiz gero; Filmin daukatenek %50eko deskontua izango dute ilbehera den egunetan. Oraindik ez dakit zer egingo dudan. Baina, berdin dio, hori da gutxienekoa: izango da hitza, argia eta kea, izango da sensorium bat, dutxa akustiko bat, subwoofer bidezko masaje bat. Ah! Eta nola ez, publikoari QR bat emango diogu… ez dakit zertarako, baina QR bat.

Kasu! Sarrerak eskuratzeko itxaronaldia, une honetan, 13 minutu ingurukoa da. 

Categories Uncategorized

Leave a Reply

search previous next tag category expand menu location phone mail time cart zoom edit close