ARGIARAKO IDATZIA
Egunean egon behar da aktualitateari jarraitzeko. Informatuta egon. Iritzi bat izan. Jakin behar da Ukrainian zer gertatzen den (inork baldin badaki), jakin behar da Macroni ere begian zerbait sartu zaiola eta horregatik atera dela eguzkitarako betaurrekoekin, edo Italiako herri batetan etxeak euro batean jarri dituztela salgai.
Gauza asko jakin behar da aktualitateari segitzeko. Ez dakit nola egiten duten batzuek. Beti daude eguneratuta. Eta denetarik egiteko gai dira. Karguz kargu mugitzen dituzte, Sail batetik bestera, gaur Etxebizitzan, bihar Kulturan, etzi Segurtasunean. Beti dotore, beti iaio. Batzuek denetarik egiten dute ondo.
Eta niri aktualitateak harrapatzen dudanerako egiten dit ihes. Niretzat aktualitatea ez delako titular segida bat soilik. Niretzat aktualitatea da gure herriko udaletxe parean jarritako ikurrina erraldoia desagertu eta haga luzea ikustea hain bakarrik, hain bilutsik, haize batek bortxatua. Da herriko liburu denda bakarreko erakusleihoa, da urte hasierarekin batera ezkaratzean egin behar izaten dugun bilera, aurreko urteko kontuak ixteko, presidente aldaketa egiteko, sortutako matxurak konpontzeko.
Beldurtuta eta behartuta joaten naiz bilera horretara. Ez dugu hitz egiten zaunkaka baino. Ez dugu ikusten gure etxeko atetik haratago. Ez dugu entzuten gure interesa baino. Gure bertsiorik triste eta pobreena ematen dugu. Asmatu ezinik zergatik gauden haserre bizilagunarekin. Ahaztu egiten zaigu hodi berera doazela gure ur zikin guztiak.
Eta hala ere, aktak idazten ditugu, kontuak ixten, presidente berria izendatzen. Eta hurrengo urtean denok itzuliko gara. Apur bat zaharrago, haserre bera geratu dadin jasota aktan. Inork ez du dimititzen, inork ez du barkamenik eskatzen, inork ez du pastarik ekartzen bilerara. Horixe da gure demokrazia txikia. Horixe da nire aktualitatea. Ez dago Kievera joan beharrik mundua konpontzen hasteko.