Komunikazioaren gizartea, nekearena, indibidualismoarena. Modu askotara bataiatu izan da gaur eguneko gizartea: jakinarazpenena, produktibitatearena, algoritmoarena. Nik beste bat proposatu nahi dut: kexarena.
Kafea ez digute atera normalean bezain azkar, ez beltz eta ez bero; autobide sarreran trafikoa jasangaitza da, eta kopilotuak ozenegi hitz egiten du. Gaur, Eguberrietan argi gehiegi pizten direla dio, atzo, aurten inoiz baino beranduago piztu dituztela. Berdin du: hemen kontua kexatzea da, ez arrazoia izatea.
Egun osoa pasatzen dute kexaka oposizioan dauden alderdiek. Kexu dira gobernuan daudenak ere: ezin dute egin nahiko luketen guztia. Jakina da: egoera globalak ez du laguntzen, oposizioak ere ez. Sindikatuak asko kexatzen dira. Gehiegi. Enpresariak gehiago: langileen soldatekin enpresak ez dira konpetitiboak. Pentsa, Donald Trumpek ere kexatzen pasatzen du eguna: zer ez luke egingo mundua bere eskutan balego!
Kexa kutsatu egiten da, gainera. Eskola atarietan esaterako, gure ereduari tiraka, erraz topatu daitezke kexaren gizartearen seinaleak: “Ama, gaur janaria oso txarra zen jangelan”, “Aita, aspertuta nago eta biharko etxeko lanak eman dizkigute”.
Gurasoak hotzagatik kexatzen gara, edo beroagatik, berdin du: irakasleak emailari momentuan ez diolako erantzun edo umea ezin dugulako gainetik askatu arratsalde osoan. Gurean txakurra da kexatzen ez den bakarra, eta hori ere ez dakit. Azkenaldian, haren begiradak ere badu zerbait: “Ez nauzue paseatzera behar bezainbeste ateratzen”, esan nahiko balu bezala.
Nik ere ikasturtea hasi zenetik artikulu asko egiten ditut kexa betean. Errazagoa baita esatea mundua hankaz gora dagoela, pixka bat galduta nagoela aitortzea baino. Azken batean, hemen nahi duenak, nahi duenerako, beti ditu eskuragarri erreklamazio-orriak.
Alde ederrean nengoke eskerrik asko batekin hasiko banitu egun guztiak. Ez mundua ondo dabilelako; ondo dakigu ezetz. Baina, merezi du egun bakoitzak eskerrik asko bat. Atzokoa joan zen, biharkoa ez da heldu eta gaurkoa da bizitzen ari garen mirari bakarra.