Bizitzak bizitza zor

Itzaltzen ari zara poliki-poliki.
Orain ez duzu Onkologikoko 223. gelatik kanpora gertatzen denaz ezer jakin nahi.
Astiro altzatzen zara ohetik
hanka puztuekin,
eta komunean geratzen denbora luzeegian eserita.
Zure tronu bakarra huraxe bailitzan,
oheak ere nekatuta.

Apaldua duzu ahotsa, ama
jaitsia begiratua
eta dagoeneko guk ere ezin zaitugu sutu, zutu.
Bazoaz.
Eta niri ez zait fundamentuzko koplarik ateratzen.
Aspaldi da heriotzak sokatira irabazi digula.
Gerritik helduta egin nahi izan dizugu tira guregana.
Biziminez.
Baina, mila jostorratz sortu zaizkizu gerrian.
Eta min duzu. Min zara. Min bizi.

Berriz jaioko banintz,
ez dakit bertsotan segitzeko ahalegin handiagoa egingo nukeen.
ez dakit ez ote nukeen N.rekin konpartitutako bizitza puxka hura luzatzeko ahalegin handiagoa egingo
ez dakit karrera berdina ikasiko nukeen ere.
Zu zara,
ama,
zu bakarrik
berriz jaioko banintz
aldatuko ez nukeen bakarra.

Eta orain bazoaz.
Hilabete luzeetako borroka ari da izaten.
Zurea eta gurea.
Lasai zaudela diozu.
Ez diozula ezeri beldurrik.
Eta aterako garela aurrera.
Heriotza logelaraino sartu zaigun lehen aldia da.
Bizitzak bizitza zor.
Esaera zahar bat gehiago zen orain arte.
Onartzeak eskuak odoltzen dizkigun aizkora da orain.
Horregatik egin ditugu elkarrekin negar saioak
kolektiboak asko
binakakoak zenbait
bakarkakoak gehienak:
laburrak espantuzkoak amaiezinak.

Eta egin dugu barre egoerarik muturrunekoenetan
Barre ere egin dugu, bai
negar egiteraino.
Malkoak sendatuko dituelako gure eskuetako zauriak.
Eta itxiko laster gure artean sortuko den zauria.

 

Eutsi irribarreari, ama!

(Gure ama, 2013ko otsailean, gaitza atzeman eta gutxira)

Categories 27zapataTags , ,

19 thoughts on “Bizitzak bizitza zor

  1. Mak's avatar

    Holako momentutan ere gauza earrak ateatzeituk, hire hitz hauek bezela. Amak hoi ta gehio meezi dik eta.

  2. IRA's avatar

    Imanol eta familia maitea,
    Artzeri irakurri nion aurreko astean: ” Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza”. Eta hala jarraitzen du eta jarraituko du Manoliren lorausaiñak gure artean.

    Exenplu ederra ematen diguzu egunero, Manoli. Eta lortu duzu, lortu duzu magnolien ederrera gu hurbiltzea. Eta zuhaitz edergalantoni horri begiratzea, bene benetan begitandu:
    Lurrean sutraiak sendo eta adarrak haizetera, libro.

    Energiaz zipristindu eta betiereko maitasuna zer den ezagutu dugun honetan, zure bidea egiten saiatuko gara, promes dizut saiatuko garela.

    … betiereko besarkadara lotuta natzaizu, Manoli.

    Maite zaitugu, izeko.

    Iratxe Aranburu

  3. jon's avatar

    ze ederra Imanol, ze gogorra ta ze ederra

  4. Elixabete's avatar

    Ederrak zeate eta ederra zakau izeba, bikaña….. Muxuak zuentzat, denentzat! Bereziki izebari. Paaaaaaaaaaa

  5. Aberri's avatar

    Aupa potro! Nere dolumin haundiyenak hiretzat eta hire famili guztiyantzat.
    Mila muxu!!!

  6. Nagore's avatar

    Imanol eta familia zurekin gaituzue, ni ez naiz hilloba baina Manoli beti izan da pertsona zoragarria bere illoben parejekin eta maitatzen eta errespetatzen ikasi dudan pertsona izan da zuen ama. Hoberena opa diot eta emendik positiboki hor egon gaudela zuekin eta batez ere berarekin. Indar guztiak bialduz.

    Muxu handi bat izeko Manoni

  7. Mikel E.'s avatar

    Ondo zaindu eta maitatutako lurrak ematen ditik fruiturik ederrenak. Zuenak argi erakusten ziguk, Imanol. Segi fuerte, segi hola, horixe izango duk zorra kitatzen joateko modurik onena. Seguru Manolik hala nahi duela.
    Animo, eta besarkada handi bat guztientzat.

  8. ainara esnal's avatar
    ainara esnal 2013-11-10 — 12:55

    Indarra, animoak eta sekulako besarkada, familia!!!!!

  9. Aitor's avatar

    Hitzik gabe Imanol. Animoak eta indarra

  10. Zihara's avatar

    Besarkada handi bat

  11. Aitor's avatar

    Ez zaitut ezagutzen baina horrek ez du axola
    bibrazio onak eta indarra bidali nahi baitut inguru hortara.
    Animo !!!

  12. Xabi's avatar

    Emozio eta sentimenduen ekaitzaldi horretan ama izan dezazuela itsasargi.
    Etorriko da barealdia. Animo, Imanol.

  13. Mari Karmen Beristain's avatar
    Mari Karmen Beristain 2013-11-11 — 08:45

    Animo Imanol eta musu handi bana amari gure partetik.
    Mari Karmen eta Andu

  14. epe's avatar

    Aupa epelde-pagolatarrak,

    Beskarda bat amarentzat eta beste bat etxekoontzat.

    Nik famili bazkaritan saltxa eta bizipoza jartzen diken izeko diat buruan eta izango.

    Besarkada bat eta zaindu,

    epe

  15. Asier Ibaibarriaga's avatar
    Asier Ibaibarriaga 2013-11-11 — 11:01

    Animo Imanol,

    Halako zeoze pasa duenak badaki zer den hori eta horregaitik dek esaera ona beti “urak dakarrena urak daroa, zuk emandakoa gurekin gelditzen da”. Amak emandakoa hor geratuko zaik betiko. Besarkada haundi bat.

  16. ANGELA ETXABE's avatar
    ANGELA ETXABE 2013-11-11 — 20:28

    Baino zer ari naiz irakurtzen¡¡¡¡¡¡, neretzako berria da, ez det hitzik, Muxu haundi bat Imanal ta familiari. ANGELI

  17. Imanol's avatar

    Gela horretan ez bazen, aldamenekoan izango zen. Bihar hamar hilabete.
    Borroka galdu dutela esaten da, baina egoera horretan irribarre egitea ez al da garaipen bat?
    Besarkada bat.

  18. iñaki peña's avatar

    Zoragarria! Lapurtu deutsudaz berba batzuk, zeure baimenik barik:

    http://arinduz.org/inaki/2013/11/13/bizitzak-bizitza-zor/

  19. Eider Zuriarrain's avatar
    Eider Zuriarrain 2013-11-28 — 09:43

    Imanol, une hauetan ez zait hitzik ateratzen! Muxu eta besarkada handi bat!!!

Leave a Reply

search previous next tag category expand menu location phone mail time cart zoom edit close