Handia da The Balde aldizkaria. Hasieratik gustatu zitzaidan estiloa, testu labur eta irudi harrigarriz jantzia. Handia iruditzen zait aldizkaria egiteko hartutako hizkuntza irizpidea ere: euskara eta ingelesa. Ez besterik. Zertarako gehiago?
Uler gaitzakete, uler ditzakegu. Irudipena dut bi hizkuntza horiek bakarrik erabiliko bagenitu, gehiago komeni zaigun elebitasuna izango genukeela. Funtziona dezatela ospitaleek euskaraz eta ingelesez, jatetxeek jar ditzatela menuak euskaraz eta ingelesez, hondartzako bozgorailuetatik mintzo bitez bi hizkuntza horietan.
Hori egiten du The Baldek. Modu entretenigarrian, kultur edukiak sartuz, kaka esplikatzen ibiltzetik urrun. Hargatik naiz harpide eta areago, aste honetan Argian (aldizkari handia hau ere!) irakurritako Koldo Almandozen elkarrizketa irakurri ondotik, aldizkariaren akzio zenbait erosiko nituzke errentagarritasunik lortuko nukeen galdetu gabe. Baldetik gosaltzen jarrai dezadan.